miércoles, 18 de diciembre de 2013

Zabaldu ditugu ateak



Donostiako Eskulangintza azokaren 40. edizioak bere ateak zabaldu ditu gaur goizean eta hala mantenduko ditu datorren urtarrilaren 5era arte. Urtero bezala, azoka Urdaneta eta Errege Katolikoak kaleetan kokatuta dago baina, aurten, egitura berriarekin gatoz, bisitariari erosotasuna eta goxotasuna eskaintzeko asmoarekin. Aurten, gainera, 35 dira parte hartuko duten salmahaiak, toki guztietatik etorritakoak: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Bartzelona, Toledo... Hainbat eta hainbat lanbide eta produktu edozeinen eskura.

Baina produktuak erosteaz gain, bisitariak eskulangintza gertuagotik ezagutzeko aukera izango du. Izan ere, tailer eta erakusketa ezberdinak prestatu ditugu. Alde batetik, abenduaren 27ra arte, jantzi tradizionalez osaturiko bilduma ikusteko aukera izango du bisitariak, texartu tailerraren eskutik. Bestetik, abenduaren 28tik urtarrilaren 5era bitartean, Unzueta artisautza tailerrak gaztain saski bilduma jarriko du ikusgai azokan. Bestetik, Argia Badago-ko kideek beira puztea tailer erakusgarria egingo dute abenduaren 22an 17:00etatik aurrera eta, Unzueta artisautzak gaztain saskiak nola egiten diren erakutsiko du abenduaren 28an.

Parte hartzeko tailerrak berriz, bi izango dira. Abenduaren 26an 17:00etatik aurrera, Christina Garciak, orratz feltroaren mundua erakutsiko die 9 urtetik gorako haurrei. Eta, azkenik, Maushaus taldeak arkitektura tailerra eskainiko die haurrei urtarrilaren 2an 17:00etatik aurrera.


No hay comentarios:

Publicar un comentario